Lehiaketaren oinarriak

BIZKAIKO IKUSKIZUNAK XIV. argazki lehiaketa EL CORREO EGUNKARIAK antolatutako lehiaketa bat da BANCO BILBAO VIZCAYA ARGENTARIAren eta BIZKAIKO FORU ALDUNDIAren babesarekin, eta horren helburua ondorengo gaiaren inguruan jasotako 12 argazki onenak saritzea da: Argazkiek Bizkaian aterata egon behar dute eta iraunkortasuna nabarmendu dezatela baloratuko da, gure baso, parke natural, gune babestu, flora, fauna, monumentu edo Bizkaia modu iraunkorrean hazten ari dela islatzen duen beste edozein agerlekuren ingurumen- eta paisaia-aberastasuna isla dezatela.

Oinarrien onarpena

Parte hartzea onartu eta lehiaketa honetan izena ematen dutenek oinarri hauek onartu eta errespetatu egingo dituzte, argazkiak aurkezten dituzten unetik bertatik, baita antolatzaileak horien inguruan egiten duen interpretazioa ere.

Parte-hartzaileak

Lehiaketan izena ematea doakoa da eta 18 urtetik gora eduki eta hala nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, enpresa antolatzaileko langileek eta haien senitartekoek izan ezik.

Lan kopurua

Parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere 3 argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketan.

Formatua eta neurriak

Argazkiek formatu horizontala eduki behar dute eta koloretan edo zuri-beltzean izan daitezke. Parte-hartzaileek formatu digitalean bidaltzea erabaki dezakete, horretarako prestatutako inprimakiaren bidez, edo, bestela, paper formatuan, betiere ondorengo baldintzak betez:

- Formatu digitalean: irudiak JPEG formatuan bidali beharko dira. Fitxategiak bereizmen handikoa izan beharko du: irudi bakoitzaren alderik handienak gutxienez 30 cm eduki beharko ditu (hau da, 3543 pixel) eta hazbeteko 300 puntuko bereizmena. Argazkien moldaketa orokor bat egitea baimenduko da, baina horien konposizio originala aldatuko duen elementurik ezingo da gehitu edo ezabatu. Zalantzarik izanez gero, edo egiaztatzeari begira, fitxategi originala eskatu ahal izango da.

- Paperezko formatuan: igorritako argazkiek 20 x 30 cm-ko tamaina eduki eta horien egilearen datuekin identifikatuta egon beharko dute: izena, abizenak eta harremanetarako telefonoa (ahal dela, mugikorra), eta halaber, lehiaketara aurkeztutako argazkia zein tokitan egin den. Datu horiek jasotzen ez dituzten argazki guztiak automatikoki lehiaketatik kanpo geratuko dira.

Argazkiak lehiaketara bidaltzea

Argazkiak on line bidez bidaltzen badira, beharrezkoa izango da EL CORREOn erregistratuta egotea eta bidalketarako webgune honetan horretarako prestatutako inprimakia erabiltzea.

Postaz bidaltzea aukeratuz gero, berriz, argazkiak El Correo egunkariaren Dendara bidali beharko dira. Rodriguez Arias kalea, 43. 48011 Bilbo, eta gutun-azalean erreferentzia gisa Bizkaiko Irudiak Argazki Lehiaketa idatzi beharko da.

Lanak aurkezteko epea

Materialak aurkezteko epea azaroaren 8an amaituko da. Epe horretatik kanpo iristen diren lan guztiak ez dira lehiaketarako onartuak izango.

Konposizioa eta Epaimahaiaren erabakia

EL CORREO EGUNKARIAK izendatutako pertsona batzuek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu saria jasoko duten argazkiak, eta epaimahaikide horiek erabakiko dute zein diren bidalitako irudi guztien artetik onenak.

Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da eta EL CORREO egunkarian eta www.elcorreo.com webgunean argitaratuko da azaroaren 16an.

Epaimahaiaren iritziz nahikoa kalitatea duen lanik aurkezten ez bada, sariak eman gabe geratu ahal izango dira.

Sariak

Sariak esku-dirutan emango dira, eta ondorengoak izango dira:

1. saria: 1.500 €
2. saria: 1.000 €
3. saria: 500 €
4.etik 12.era bitarteko sariak: 100 €

Saria jasotzen duten hamabi argazkiak EL CORREO 2025 egutegian argitaratuko dira.

Sari guztiak besterenezinak dira eta indarrean dagoen zerga-legediaren mende daude; beraz, legez ezarritako atxikipenak egingo dira horien gainean, eta parte-hartzaileek berariaz onartuko dute hori.

Argazkien gaineko eskubideak

Lehiaketan parte hartzen duten pertsona guztiek aitortzen dute lehiaketara bidalitako argazkien egileak eta ustiapen-eskubideen titularrak direla, eta EL CORREO EGUNKARIARI, BIZKAIKO FORU ALDUNDIARI eta BANCO BILBAO VIZCAYA ARGENTARIA bankuari doan lagako dizkiete lehiaketara bidalitako argazkiak hedatzeko, banatzeko, publikoki jakinarazteko, kopiatzeko eta ustiatzeko eskubide guztiak. Horrenbestez, EL CORREO EGUNKARIAK, BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK nahiz BANCO BILBAO VIZCAYA ARGENTARIA bankuak publikoki eta doan ezagutarazi eta argitaratu ahal izango dituzte. Horiek argitaratzen dituenean, EL CORREO egunkariak parte-hartzailearen izen-abizenak bakarrik adieraziko ditu, inolako baldintzarik gabe, eta parte-hartzaileari inolako ordainik eman beharrik gabe. Ondorio horiei begira, parte-hartzaileek beren onespena ematen diote bai EL CORREO EGUNKARIARI, BIZKAIKO FORU ALDUNDIARI eta BANCO BILBAO VIZCAYA ARGENTARIA bankuari, argazki bakoitza eta beren izenak informazio- nahiz promozio-materialetan agertu daitezen, inprimatuak izan nahiz digitalak izan, baita sare sozialetan ere. Parte-hartzaile bakoitzak bere gain hartuko du agiri honetan jasotako lagapenean aipatzen den argazki-materialak erabiltzeak eragin dezakeen edozein erreklamazioren gaineko erantzukizun osoa, baita lehiaketara bidalitako argazkiak erabiltzeagatik DIARIO EL CORREO SAren, BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN eta BANCO BILBAO VIZCAYA ARGENTARIA bankuaren aurka aurkeztutako edozein balizko erreklamazioren ondorio guztien gainean ere, obraren gaineko eskubideak dituztenek eta argazkietan ager daitezkeen hirugarrengoek egin ditzaketen erreklamazioak barne. Horrenbestez, parte-hartzaile bakoitzak hitzematen du kalte orotik salbuetsiko dituela DIARIO EL CORREO SA, BIZKAIKO FORU ALDUNDIA eta BANCO BILBAO VIZCAYA ARGENTARIA bankua, aipatutako argazkiak erabiltzearen ondorioz erreklamazioren bat egiten bada.

Parte-hartzailearen bermeak

Oinarri hauek onartuz gero, parte-hartzaileak adierazten du eta bermatzen du bera dela argazkien egile materiala, originalak direla eta ez dizkiola hirugarrengo bati plagiatu edo lapurtu. Bide batez aitortzen du parte hartzeko erabili duen argazkian agertzen diren pertsona identifikagarrien berariazko eta zalantzagabeko onespena duela, eta halaber, Lehiaketan parte hartzeko bidali duen argazkiaren edo bidali dituen argazkien gaineko eta/edo argazkian ageri diren edukien gaineko jabetza intelektualaren eta industrialaren eskubide, irudi-eskubide eta/edo beste edozein eskubideren titularren partetik beharrezko baimen guztiak jaso dituela.

Edonola ere, lehiaketara aurkeztutako argazkien egileak bere gain hartuko du agiri honetan jasotako lagapenean aipatzen den argazki-materialak erabiltzeak eragin dezakeen edozein erreklamazioren gaineko erantzukizun osoa, baita Diario El Correo, S.A.ren aurka eta/edo Lehiaketaren babesleen aurka aurkeztutako edozein balizko erreklamazioren ondorio guztien gainean ere, argazkietan ager daitezkeen hirugarrengoek egin ditzaketen erreklamazioak ere barne.

Argazkietan adingabeak agertzen baldin badira, parte-hartzaileak berariaz aitortuko du adingabeen aitaren, amaren edo tutorearen baimena duela haiek argazkietan ager daitezen eta irudi horiek argitaratuak izan daitezen.

Bere aldetik, EL CORREO EGUNKARIAK beretzat gordeko du legearen aurkakoak edo beste erabiltzaile batzuentzat iraingarriak izan daitezkeela jotzen dituen argazkiak baztertzeko eskubidea.

Pribatutasun Politika

Parte-hartzaile guztiek aitortzen dute El Correo egunkariaren pribatutasun-politika ezagutzen eta onartzen dutela, eta hori ondorengo esteka honetan kontsultatu daiteke: https://www.vocento.com/politica-privacidad

Beste ohar batzuk

  • Lehiaketa honetara aurkeztutako argazkietatik bat ere ez da itzuliko.
  • Oinarri hauetan jasota ez dagoen edozein ustekabekoren inguruan erabaki ahal izango du epaimahaiak.
  • Epaimahaiaren iritziz nahikoa kalitatea duen lanik aurkezten ez bada, sariak eman gabe geratu ahal izango dira.
  • Lehiaketaren oinarriak Espainiako Legediaren mende daude. Parte-hartzaileak, legokiekeen foruari berariaz uko eginez, Bilboko Epaitegi eta Auzitegien mende jarriko dira, erator litekeen edozein desadostasun ebazteko.